XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Izan ere bai bait zan edozein arritzeko aiña, txartel aren mamia: Pierre Dimusin'ek Horace Crest bere adiskide zarrari, biotzez agur.

Gaur gabean, ibaiean nere itxas-ontziaren jate-gelatxoan apaltzeko asmoa dut.

Nere arroztegiko bi neskarik politenak eramango ditut ara, eta zu gure maikide izateak asko poztuko ninduke.

Apalondoan, neska oiek kontukontari utzita, guk, ogera joan aurretik, asti batez Miss BBB'rekingo ezkontzaz itzegin bearko genuke. Era paketsuan.

Bekaizkeri gaiztorik gabe. Adiskide zarrei dagokien eran.

Onoizkero, seguruaski ni iltzekotan ibilliko zerala iduritzen zait.

Eta ori bera idurituko zaizu ezpairik gabe zuri ere: ni zu iltzeko asmoa artua naizela.

Utzi ditzagun alkar iltzeko gogapen makur oiek eta egin dezagun betirako bion arteko pake iraunkor sendo bat.

Zu oso aberatsa zera. Ni berriz, aldi ontan, txindiz oso gaizki nabil, eta ia lur jota nago.

Eta, andik edo emendik, dirua bear dut. Azkar gaiñera.

Ez dakit sinistuko didazun, baiñan nik ez dut sekulan Miss BBB maitatu, ura bezain neska ederrak nai ditudan aiña, nere arroztegi ontan bertan bai bait ditut.

Arekin ezkondu nai izan ba'dut, aren dirua nere-egiteko asmoz bakarrik izan da.

Zuk ordea benetan maite duzu Miss BBB.

Ori danok dakigun gauza da.

Ziur nago, ez dala munduan izango neska ori zuk aiña maitatu duanik, eta, oraindik ere maite duanik.

Diru-mordo baten truke, pozik utziko dizut neska ori zuretzat.

Ontaz, ainzuzen, itzegin bear dugu gaurko arratsalde ontan, erarik patxadatsuenean pakearen pipa artuz.

Agur, eta gaur arratsaldera arte.

Zure betiko adiskidea P. L.

Eta, idatzitakoaren azpian onako oar auxe zekarren, txartelak: P. D. Arren, ekarri ezazu zurekin txartel au, iñoren eskuetara erori ez dadin. Vale.

Poztu zitzaion bekokia Horace Crest lege-gizonari txartel ura irakurri zuanean.

Ez zan gutxiagorako. Pierre Dimusin'ek atzera egin ezkero, bera, Horace Crest bakarrik gelditzen bait zan Miss BBB'ren biotzarako bidean.